Beldurrari irri

Bilbao Fant Festival

Beldurrak ez du tokirik, ez bederen Bilbon heldu den maiatzak 6 eta 13 izanen dituen arteko egunetan. Bizkaiak duen hiriburuan FANT jaialdiaren XXII. edizioa ospatzear dira eta, noski, gure autobusetan bada haraino arribatzeko hautua. FANT, horrelako izena hartu du denbora honetan guztian beldurrezko eta fantasiazko zinemaldiak.

Urtetik urtera, gero eta zale gehiago dituzte ikararen eta fantasiaren bazter bien artean heda daitekeen oihaletan jositako pelikulek. Kitzika berezia eragiten du, antza, odol isuri berriak, eta horrek ikara sortzeaz gaindi, erakargarri suertatzen da zinetoki baten ilunpean. Lagun hurkoaren ahotik ihes egiten duten garrasiek, geureak ez diren heinean, geure belarrien gozamenerako uluak izan ohi dira maiz. Inoiz saihestuko ez den hitzordua denez heriotzarena, heriotza bera maiz irudikatzen den errealitatea da, eta horrek ere, bistan da, badu nahikoa mirari. Azken buruan, gustagarri suertatzen zaigu arnasa ia kasik galduta izatea, itotzear garen horretan birikak berriz ere aire garbiaz hauspotzekoarena alegia. Herioa ez zenez neurea.

Eta proposamen guzti horien artean harribitxirik zein eskaintza ausartenak erakutsiko dira FANT hitzorduaren aitzakian. Adi hasieraren hasieraz, inaugurazio jaialdiak berrikuntza nagusi bat izango duenez: gaueko zine maratoia. Atsedenaldirik gabeko ia bost orduko zine maratoia Campos antzokian izango da goizaldeko 02.00etatik aurrera, iaz arrakasta handia izan zuten lau lanen emanaldiekin. Zehazki, Nina Forever’ Howl, Deathgasm eta Night Fare.

Hartara, aurten nazioarteko jaialdiak 882 film luze jaso ditu, mundu osoko 47 herrialdetatik helduak. Gainera, Fantrobia saria ere emango dute. Diru-saririk ez duen arren, beldurrezko generoan indarra hartzen ari den pertsona bat aintzatesten du, eta aurten Can Evrenol zinemagile turkiar gazteari emango diote garaikurra. Evrenolek Baskin (2015) bere lehenengo film luzea aurkeztuko du, Sitgeseko zinemaldiaren azken edizioko lan arrakastatsuenetakoa izan zena.

Horrelakoetan, ahoari lerdea ziurtatzearren, egokia da jaialdiaren afitxeari aipamena egitea. Frontoi bat, pilotari baten esku minberatua hor, bere jantzi zuriegietan odol arrastorik ez, baina larruzko pilotaren ordez, zer eta begi bat. Tira. Beldurrari irri, zuk ikusi!

 

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR